Orekaz proiektua – Le projet Orekaz

OREKAZ HEZKUNTZA-PROIEKTUA 

Aurkezpen orokorra

Seaskako psikologoek, gorputz heziketa-irakasleek, bertsolaritza-irakasleek, hezkuntza- eta hizkuntza-aholkulariek Orekaz proiektuaren inguruan elkartzea erabaki dute.
Xibak zabaldutako bideari jarraikiz, Orekaz proiektuak, gorputz heziketatik haratago joan nahi du. Haurren beharrak ikusiz, horiei hobeki erantzuteko xedea du proiektu horrek: euskara, norberaren garapena, autonomia eta elkarbizitza ardatz harturik eta, ahal den heinean, horiek elkarren artean uztartuz.
Bestalde, funtsari bezainbat garrantzi ematen dio formari: elkartasunaren, ludikotasunaren eta iraunkortasunaren haritik, haien egunerokotasunean eta praktiketan, hasiz gelaz kanpoko eremuetatik.

Oinarri teorikoa
Norberaren garapena
Haurraren garapen integrala bultzatu nahiz, aspektu guztiak modu eraginkorrean lantzea du xede : garapen emozionala, motorra eta kognitiboa. Emozioen ezagutza, onartzea; bakoitzaren iritzia, sentimenduak plazaratzeko gaitasuna, norberaren historiaren ezagutza; bide beretik ere bestearen emozio, sentimendu eta bizipenaren entzuteko gaitasuna. Horri loturik, gorputzaren ezagutzak, osasuna hobetzeaz gain, norberaren gorputza, horren gaitasun eta mugak, hobeki ezagutzeko parada ematen digu. Aipatu ere, garapen motoreak garapen kognitiboa ahalbidetzen duela: haurra mugimendu zehatzak zein orokorrak burutzen ari den bitartean, sentsazio berriak esperimentatzen ari da, barru-barruan, buruko eskema mentalen bitartez, eta horrek, ezagutza eraikitzen laguntzen dio. Ahantzi gabe sormenak ekar ditzakeen onurak norberaren garapenerako.
Oro-har, bere garapena eta beharrak kontutan hartuz, ikastolan, euskara haurraren hizkuntza ere bada; hots, bere nortasunaren oihartzuna. Nortasun horren ardatz den euskaltasuna hartuz, ordea, azpimarra dezakegu haurrarentzat euskaldun izatea hautu bat izanen dela, helduontzat izan den bezala: ikastolari doakio baliabide batzuk eskaintzea, hautu hori molde kontzientean egin dezan etorkizunean.
Laburbiltzeko, erran dezakegu norberaren garapena autonomizatze prozesua dela.

Autonomia
Autonomia norberaren ezagutza eta norberaren buruaren zainketa gisa ikusten dugu. Norberaren burua hobeki ezagutuz, norberaren ekintza-, gogoeta-, arrazoinatze-, hizkuntza- gaitasunak emendatuz, gure eguneroko autonomia emendatzen da. Autonomia mota horrek bizitza-egoerak aztertzea, gogoetatzea, eta aterabideen arrazoinamendua baimentzen ditu.
Eguneroko bizitzari loturik beti, etorkizunean baliagarriak izango zaizkigun mugimen-gaitasunak barneratzea funtsezkoa izango da autonomia guztiz jardun ahal izateko.
Hori dena haur adinean barneratzea beharrezkoa da, haurrak bere eskema mentalen bidez barneratu eta adinean aurrera doan heinean eboluzionatzeko eta perfekzionatzeko.
Autonomia harremanetan garatzen denez, ni eta besteak, ni besteekin fluxu hori hizkuntzari esker egiten da.
Euskara geroz eta garatuagoa izan, hemen lantzen ditugun hiru atalak geroz eta garatuagoak dira izanen.
Alderantzizko bideak ere balio du: norberaren ezagutza, autonomia eta elkarbizitza garatuago izateak hizkuntza aberasten du erregistro desberdinetan.
Hizkuntza batek, egunerokotasunean bizirauteko, hiztun-komunitate autonomoa behar baitu. Eta hiztun-komunitate batek ere, bizirauteko, hiztun autonomoak funtsezkoak ditu. Hor ere da elkarbizitzaren garrantzia agertzen, lehen erran dugunez, hor baita autonomia aztertzen eta elikatzen.

Elkarbizitza  
Aitzineko ataletan elkarbizitza aipatzen hasi gara: elkarbizitzak ditu atalak elkarri lotzen.
Beti gara elkarbizitzan: pausatzen dugun galdera da jakitea nola bizi garen elkarrekin.
Hor dira sartzen lehen aipatu balore minorizatuak: elkarbizitza elkartasunarekin dugu lotzen, eta elkartasunezko bizitza-aukera bat dugu eskaini nahi proiektu honen bidez. Ezberdintasuna aberastasun bihurtuz.
Harremanak, talde-lana, rol ezberdinak hartzea, kooperazioa, errespetua, arauak onartu eta errespetatzea, garapen kognitiboa ariketa zein jolasen azalpenak plazaratzean, planteatzen diren arazoei erantzuteko gaitasuna… Norberaren burua hobeki ezagutuz, egoerek eragiten duten bat bateko bizipen mugimendutsu hortarik ateratzeko autonomiak gure kideeruntz irekidura bat eskaintzen du. Besteen hitz, adierazpen, bizipenen entzuteko gaiago gara. Hor dugu garrantzia ematen, adibidez, ludikotasunari eta sormenari, elkartze-uneak eta guneak eskaintzen baitituzte, bizipen sakonak direnak.
Atal guziak loturik, bizipenak baitira funtsezkoak: haurrek elkarrekin –eta helduen laguntzaz– eraikitakoak, elkarrekin bizi dituztenak, geroan beren baitarik errepikatu edo garatu nahiko dituztenak, elkar aberastuz segitu nahiz. Euskara erabiltzeko motibazioa elkarren artean ere dezaten aurki; hori ere bada gure proiektuaren berezitasuna: hizkuntzaren erabilpena elkarbizitzatik lantzea, sendotzea eta aberastea.
Euskaraz bizi, sentitu eta pentsatzen duten norbanakoak hezi nahi ditugu; autonomian sustengatuko direnak, etorkizunari begira integrazio-sozialerako jarrai-ildoak finkatuak dituztenak eta norberaren ezagutza eta garapen integrala behar bezala garatuak dituztenak. Haurraren interesetatik eta ezagutzetatik abiatuz, bere transmisio gaitasuna kontutan hartuz, edukien transmisioaz gain, errealitatearekin lotzen diren eta baliagarriak izango zaizkion nozioak ikustarazi nahi dizkiogu. Horregatik ere da funtsezkoa, adibidez, elkarbizitza gure ingurunearekin eta hurbil dugun naturarekin elkarbizitzen ikastea eta erakustea. Ez baitu ezertarako balio eduki sinple baten lanketak, ondoren haurrak ez badu eraginkortasunik ikusiko ezta ez badio erabilpenik emango bere errealitatean; hau da, jolasean, lagun- eta familia-harremanetan, jendartean.